elkarteazornotza@gmail.com 611 719 022

“Ligeros de equipaje” antzezlanak Zornotza Aretoko denboraldi berriari hasiera emango dio

Zornotza Aretoa 2015

Urteko azken hilabeetarako programazioaren barruan antzerkia, musika, dantza eta zine kluba aurki ditzakegu, jende guztiari zuzenduak.
Zornotzako Lara Izagirre zuzendariaren “Un otoño sin Berlin” pelikula doan ikusi ahal izango da Zornotza Aretoan.  

Zornotza Aretoak asteburu honetan denboraldi berriari hasiera emango dio “Ligeros de equipaje. Crónica de la retirada” antzezlanaren estreinaldiarekin.     Ikuskizun honekin Viridiana produkzioak hasiera emango dio Zornotza Aretoko programazioari. Jende guztiari zuzendutako hainbat antzerki, musika, zine eta dantza ikuskizun daude programazioaren barruan.

“Ligeros de equipaje. Crónica de la retirada”k 1939an gertatutakoak kontatzen ditu. Ia milioi erdi lagunek, haurrak eta emakumeak gehienak, Frantziako muga zeharkatu zuten Pirinioetan barrena.  Frantziako hegoaldean, ordea, ez zeuden tamaina horretako “inbasioari” aurre egiteko gertu. Batzuk hotzak akabatu zituen eta beste batzuk bonbardaketek edota kontzentrazio esparruetan egon beharrak.  Fikziozko istorioa da, benetako hamaikatxo istoriotan oinarritua.  Gizakiaren onenari eta txarrenari buruzko lana. Hitzordua ostiralean izango da, urriaren 2an, 21:00etan.

Zornotza Aretoak antzezlan gehiago aurreikusita ditu:

    – “Pintto Pintto” Portal 71ren produkzioarekin Anitamaravillas txotxongilo konpainiak antzezlan hau aurkezten du, Miren Larrea zornotzarrak eta Valentina Raposo txiletarrak osatua. Txotxongiloekin eta aktoreekin egindako lan hau estreinatuko dute, lanaren oinarri gure irudimen kolektiboan oinarrituta dagoen Pintto txakur maitagarria delarik.
Familiei zuzendutako antzezlan hau azaroaren 7an ikusi ahal izango da, arratsaldeko seietan.
    – “Una casa de muñecas» Henrik Ibsenen Casa de Muñecas lan klasikoaren moldaketa da, 1879an Copenhagen eztabaida artean estreinatu zena.  Itxuraz zoriontsu diren senar-emazteak aurkeztuko dizkigu, emaztea familian duen menpeko paperaz konturatzen den arte.  Lan hau abenduaren 11n 21:00etan ikusi ahal izango da taula gainean.

Gainera, Zornotza Aretoak urteko azken hiru hilabeteetan, KINE zine klubaren hiru ziklo eskainiko ditu. Zine klubeko saioak astearteetan izango dira 20:00etan.
Zetaren bidea zikloak hiru pelikula biltzen ditu, ondoko tituluekin:
–  “Retratos de familia” (Singapur, 1997). Limdarrak Teresa, hiriburura zerbitzatzera etorri den emakume filipinarra, hartu duten hiru kidez osatutako familia aberatsa dira. Atzerritarraren presentziara egokitu beharra izango du sendiak, lehendik ere gogorra zen harremana are tirabiratsuagoa bilakatu baita. Zuzendariaren, Anthony Chenen, haurtzaroko gertaerak oinarri dituen film hau urriaren 6an ikusi ahal izango da.
– “Se levanta el viento” animazio film biografikoa, Jiro diseinatzaile aeronautiko famatuaren bizitza markatu zuten gertakari historikoak birsortzen dituena: Kanton 1923an gertatutako lurrikara, Depresio Handia, tuberkulosi epidemia eta Japonia Bigarren Mundu Gerran sartu zenekoa.  Urriaren 13an ikusi ahal izango da.
– “Aguas tranquilas” filmak Amami irlako biztanleen istorioa kontatzen du. Naturarekin harmonian bizi dira eta zuhaitz, harri eta landare bakoitzean jainko bat bizi dela sinesten dute.   Udako arratsalde batean, Kaitok gizon baten gorpua aurkituko du itsasoan. Kyoko bere adiskideak misterioa argitzen lagunduko dio eta zornotzarrek urriaren 27an ikusi ahal izango dute.

“Pare bat akorde ta (melodía urdin bat)” titulupean antolatu da beste ziklo bat eta honen barruan hiru dokumental ikusi ahal izango dira:
– “Amy” Amy Winehouse abeslari britainiar ospetsuari buruzko dokumentala da, artxiboko irudi eta elkarrizketa argitaratu gabeak biltzen dituena. Bidean gelditu zen musika izarra 2011n hil zen 27 urterekin. Dokumental hau azaroaren 3an ikusi ahal izango da.
– “Love ande Mercy” Beach Boys taldearen sortzailea izan zen Brian Wilson musikari eta konpositorearen gaineko biopica da. Musikan izan zuen eragina ikusi ahal izango da azaroaren 10ean.
– “Cobain: “Montage of Heck” Kurt Cobain musikari zenduaren inguruko dokumental baimendua da, hasieratik Nirvana grunge bandarekin izandako arrakastarainoko ibilbidea erakutsiko diguna. Azaroaren 17an ikusi ahal izango da.

Azkeneko zikloaren barruan, “Dokufilia”, hiru titulu biltzen dira:
– “Citizen Four”rek Laura Poitrasen istorioa kontatzen du. Mezu elektroniko zifratuak jasotzen hasi zen eta mezu hauek «Citizenfour» izeneko batek izenpetzen zituen. Honek beste inteligentzia agentzia batzuekin elkarlanean, NSAk zuzendutako legez kanpoko zainketa-programen frogak zituela ziurtatzen zion.  Bost hilabete beranduago, Glenn Greenwald eta Ewen MacAskill kazetariekin Hon Kongera abiatu zen izenik eman ez zien gizon batekin egoteko. Gizon hori Edward Snowden zen. Topaketa guztietara kamera bat eraman zuen Horren emaitza abenduaren 1ean ikusi ahal izango da.
– “La Sal de la Tierra”. Badira berrogei urte Sebastião Salgado argazkilaria munduko kontinenteetan zehar dabilela gizateriaren mutazioa atzitzen.  Gure historia hurbila markatu duten gertaera handien lekukoa izan da: nazioarteko gatazkak, goseteak, exodoak, etab. Aparteko paisaiak opatzen dizkiguten lurralde birjinetara abiatu da oraingoan, fauna eta landaredia basatiak deskubrituz, planetaren edertasunari tributu egiten dion argazkilaritza proiektu erraldoiaren barruan.  Guzti honetaz gozatzeko aukera izango da datorren abenduaren 8an.
– “The Act of Killing”. Militarrek 1965ean burututako estatu-kolpearen ostean, Suharto jeneralak jardun zuen agintari Indonesian. Genozidioa iritsi zen orduan.  Hamarkada batzuk igarota, garai hartako mertzenario krudelenetako biri –gangster deitzen zioten beren buruari- , Anwar Congo eta Herman Koto, egindako ankerkeriak birsortuko dituen pelikula batean parte hartzeko eskatzen zaie. Hauek lasai asko aitortuko dute ankerkeria horiek egin izana.  Abenduaren 15ean ikusi ahal izango da.

Musikak ere paper garrantzitsua du Zornotza Aretoko programazioan.  Horrela, kalitate handiko hiru emanaldi aurreikusita daude:

– “The Two” bi abeslari eta gitarra-jole gazte dira, oso show ikusgarria aurkezten dutenak, hasieratik liluratuz. Folk ukituak dituen blues eta word music nahasketa baten bidez, tradizioa eta modernotasuna nahasten dituzte. Ikusgarriak dira.  Kontzertua abenduaren 15ean izango da, arratsaldeko zortzi eta erdietan.
– “Cromá tica pistona” swing-jazz rock… orkestra herrikoi moduan sortutako banda da, jatorrizko errepertorioak osatutako musika proposamena aurkezten duena.  Swing estiloaren hainbat alderdi, estilo mestizoak eta bitxiak: Balkanetako pasadoblea, funk tropikala, hondartzako ska-jazza edota gypsy-surfa besteak beste. Taldea taula gainean ikusi ahal izango da azaroaren 13an 20:30ean.
– “Gabonetako Kontzertua”. Aurreko urteetan bezala, Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek koru eta instrumentu musikaren kontzertu bat eskainiko digute, hainbat estilotako lanak eta abestiak konbinatuz,
dagoeneko Gabonetako klasiko bat bilakatu den emanaldian. Abenduaren 18an izango da 21:00etan.

Zornotzarrek, era beran, dantzaz gozatzeko aukera izango dute publiko desberdinei zuzendutako bi ikuskizunekin. Horrela, Zornotza Aretoko denboraldi berrian gustu guztiei aukera eskaini nahi zaie.

– “Divenire” break dance, hip hop, konposizio garaikidea, multimedia… da.  Hori guztia espresio-maila gorenera eramanda, ikusleek gozatu dezaten, hunkitu eta harritu daitezen. Urriaren 22an 21:00etan ikusi ahal izango da.
– “Dantzatan” euskal koreografo gazteen erakustaldia da, hiru konpainiaren koreografiak jasotzen dituena:  Lasala, Cía Danza Ziomara Hormaetxe “SYMBIOSIS”  bere lanarekin eta Ertza  “JOAN ZARETENEI, ADIO/ADIÓS A LOS QUE OS HABÉIS IDO” lanarekin.  Dantza zirkuito honetaz azaroaren 27an gozatu ahal izango da 21:00etan.

Gainera, Kine zineklubak film laburren lehiaketa antolatu du, hain zuzen ere film laburren maratoi bat izango da.  Urriaren 2tik 4ra izango da lehiaketa eta 24 orduko tartean burutuko dira film laburrak.  Lehiaketan parte hartzen dutenek hainbat sari eskuratu ahal izango dituzte.

Azkenik, “Un otoño sin Berlín” pelikula, Lara Izagirre zornotzarrak zuzendua eta Amorebieta-Etxanon filmatua, Zornotza Aretoan doan ikusi ahal izango da Donostiako zinemalditik pasatu ondoren. Ondoko emanaldiak egongo dira: urriak 21 asteazkena (20:00etan), urriak 22 osteguna (20:00etan), urriak 24 larunbata (17:00-19:30-22:30), urriak 25 igandea (20:00etan) eta urriak 27 (20:00etan).  Eskolako taldeei eta gizarte eta kultura elkarteei bereziki zuzendutako emanaldiak ere egongo dira. Sarrera eskuratu nahi duten ikusleek
(ezinbestekoa izango da aretora sartzeko), Zornotza Aretoko leihatilara jo dezakete urriaren 10etik aurrera ohiko ordutegian.